Eguzki irratiak, Iruñeko lizentzia irrati komunitariorentzat bideratzea eskatzen du.

Eguzki irratiak, Iruñeko lizentzia irrati komunitariorentzat bideratzea eskatzen du.

 

Ezaguna denez, pasa den martxoaren 4an Nafarroako Gobernuak lehiaketa bat iragarri zuen, irrati-lizentziak esleitzeko xedez. Horren harira, honako hau adierazi nahi dugu:

 

1-Lehiaketa horretan, lizentzia bat eskaintzen da Iruñerako. Lizentzia hori bera lehenago ere eskaini zen, 2017an deitutako lehiaketan, irabazi-asmorik gabeko erakundeentzat gorderik.  Albiste ona izan zen guretzat, horrekin amaiera ematen baitzitzaien irrati libre eta komunitariook hamarkadetan jasan ditugun diskriminazioari, ostrazismoari eta  alegaltasunari.

 

2-Hala ere, geroago, Nafarroako Gobernuak bertan behera utzi zuen irrati komunitarioentzako lehiaketa hura, Eusko Media SL entitate pribatuaren errekurtsoa aintzat hartu ondoan. Etsipenez jaso genuen albistea: gure ustez, bideragarria zen irabazi-asmorik gabeko irratiei ematea maiztasun hori; aldiz,Nafarroako Gobernuak ez zuen borondate politikorik izan asmo hura aurrera ateratzeko.

 

3-Martxoaren 4an, esan bezala, Nafarroako Gobernuak beste lehiaketa bat iragarri zuen berriz ere, baina, oraingoan, irrati komertzialei zuzendurik. Beraz, gobernu honen jokabidea ez da asko aldatu aurretiko gobernuek zutenaren aldean: haien esku egonagatik ere, gurea bezalako zenbait irrati erregularizatzeari uko egin diote, eta, ondorioz, ezinezkoa izanen zaigu baldintza duinetan eta berdintasunean aritzea. Ezin dugu ulertu zer-nolako interesei egin dien men orain gobernu honek, bere burua “aldaketaren gobernutzat” daukan horrek.

Puntu honetan, gogora ekarri nahi dugu Europako herrialde gehienek hamarkadak daramatzatela irabazi-asmorik gabe emititzeko lizentziak eskaintzen. Are, Espainian ere izan da horrelakorik. Bestalde, azken 40 urte hauetan, irrati komertzialentzako lehiaketa ugari izan dira Nafarroan; horietatik, bakar bat ere ez gure sektorearentzat; hots, hirugarren sektorearentzat.

 

Berriz azpimarratu nahi dugu bideragarria dela, guztiz, komertziala ez den irrati batendako gordetzea lizentzia hori. Izan ere, lehenagoko lehiaketa batetik berreskuratua da, eta hura onesteko unean ez zegoen indarrean 2010eko lege orokorra, ikus-entzunezko komunikazioari buruzkoa. Antzeko kasuak izan dira aurretik, eta Espainiako Gobernuak berak adierazi du, Diputatuen Kongresuko galde-erantzunetan, irabazi-asmorik gabeko zerbitzu komunitarioendako eskain daitezkeela horrelako lizentziak, inolako arazorik gabe, baldin eta 2010eko legea indarrean sartu aurretikoak badira.

 

4-Laburbilduz, Nafarroan egun dugun gobernuak ez dio irtenbiderik eman diskriminazioaren arazo historikoari, zeinak mugak jartzen baitizkie adierazpen askatasunari eta komunikabideen aniztasunari. Ez dira Madriletik iritsiko gure sektorearentzako lizentziak, eta Nafarroako Gobernuak ez du inolako aurrerapausorik egin arazoa konpontze aldera, horretarako baliabide aski badituen arren.

 

Egoera honen aurrean, eta Nafarroan irrati komunitarioentzako lizentziak lortzea helburu, pauso hauek eman ditugu:

 

Lehenik, ekarpenak egin ditugu urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretua aldatzeko proiektuaren aurrean, eta gure ikuspuntua argi utzi dugu. Hain zuzen, foru dekretu horrek arautzen ditu Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuak.

 

Bigarrenik, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dugu otsailaren 20ko 10/2019 Foru Aginduaren aurka. Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak, agindu horren bidez, lehiaketa bat onetsi zuen, irrati-hedapenerako hiru lizentzia emateko Nafarroako Foru Komunitatean. Errekurtsoan eskatu dugu agindu hori erabat deusez deklara dezatela, ebazpen baten bidez, eta, hortaz, abian den lehiaketa geldiaraz dezatela.

 

Azkenik, prentsaurreko honetan azaldutako arrazoi guztiengatik, lehiaketan parte hartzea erabaki dugu. Gure ustez, Iruñeko mugaperako esleitutako maiztasunak irrati komunitario batendako behar du izan, 2017ko uztailean deitutako lehiaketan bezalaxe. Halaber, bidezkoena iruditzen zaigu Eguzki Irratiaren egoera erregularizatzea, Nafarroan emititzeko lizentzia emanez, 36 urte daramatzagu-eta lan horretan.

 

Hori lortzekotan, Nafarroako gizartea izanen da irabazle, komunikabideak demokratizatuko baitira, eta aniztasuna eta adierazpen askatasuna bermatuko baitira.