Nafarroako Gobernuak politika baztertzaileekin jarraitzen du, irrati komunitarioak diskriminatuz.

Nafarroako Gobernuak joan den ekainaren 9an, asteazkena, iragarri zuen 2020ko urtarrilean deitutako lehiaketaren irrati-lizentzia Radio Marca irrati komertzialarentzat izanen dela, eta Eguzki irratitik honako hau adierazi nahi dugu:

  1. Lizentzia hori 2017an deitutako lehiaketa-deialdian eskaini zen, irabazi asmorik gabeko erakundeei zuzenduta. Eguzki Irratian pozez hartu genuen berri hori; izan ere, amaiera ematen zitzaion gurea bezalako irrati komunitario libreek hamarkadetan jasan izan dituzten bazterkeriari, ostrazismoari eta legez kanpo emititu beharrari.
  1. Ondoren, Nafarroako Gobernuak bertan behera utzi zuen Iruñeko irrati komunitarioei lizentzia emateko lehiaketa hori, eta erabaki hori etsigarritzat jo genuen, izan ere, guztiz egingarria baitzen baimen hori irabazi gabeko irratientzat eskaintzea eta uste baikenuen borondate politikoko kontu bat besterik ez zela, Nafarroako Gobernuak izan ez zuena.
  1. 2019ko martxoan arrakastarik gabeko beste lehiaketa-deialdi bat izan zen, eta, horren ondotik, joan den urtarrilaren 8an, Nafarroako Gobernuak iragarri zuen Iruñeko irrati analogikoentzako baimena berriz ere lehiaketara aterako zuela, irrati komertzialentzat. Baina, gainera, berritasun gisa, beste deialdi bat egin zen, irrati digitalei hainbat lizentzia emateko. Hala ere, bi lehiaketetan guztira eskaintzen diren 81 baimenetatik, bakar bat ere ez da eskaintzen, berariaz, irrati komunitarioentzat.
  1. Azkenik, joan den ekainaren 9an, iragarri zen 2020ko lehiaketaren irrati-lizentzia Radio Marca irrati komertzialarentzat izanen dela. Gainera, Estatuko Administrazio Orokorrak 2006an Foru Komunitaterako aurreikusi zuen FMko irrati-plangintza guztia agortutzat jo zuen, Burgeteko bi lizentzia izan ezik, zeintzuk ez baitute interesik sortu irratien artean.

Eguzki Irratian egindako presazko lehen balorazio batean, erabaki horrek ez gaitu ezustean harrapatu; izan ere, nahiz eta lehiaketara diskriminazio-egoera bati amaiera emateko aurkeztu ginen, irrati komunitarioek ezin dugu baldintza berdinetan lehiatu irrati komertzialekin, ez gara komunikazio-eredu bera, eta, jakina, ez dugu izan nahi.

Gure kasuan, ezaguna denez, ez dugu informazioa merkantzia gisa ulertzen, ezta negozio-eredu gisa ere, eta hori da, berriz ere, Nafarroako Gobernuak irrati komertzial bati lizentzia hori ematean sustatzen duena.

Bestalde, oraindik ere deigarria da bere burua aurrerakoitzat duen gobernu batek bere aurrekoen politika baztertzaile berak egiten jarraitzea eta irabazi asmorik gabeko proiektuetarako lizentzia bakar bat ere ez emateko egoera bidegabea konpondu gabe jarraitzea, etapa demokratikoan irrati komertzialei dozenaka lizentzia eman dizkien bitartean.

Ildo horretan, berriro gogorarazi nahi dugu Europako herrialde gehienetan irrati komunitarioek emititzeko lizentziak dituztela duela zenbait hamarkada.

Laburbilduz, egungo Nafarroako Gobernuak ere ez dio irtenbiderik eman nahi izan aspaldiko diskriminazio arazo bati, zeinak adierazpen askatasunari eta komunikabideen aniztasunari kalte egiten baitie.

Egoera horren aurrean, eta Nafarroan irrati komunitarioentzako baimenak lortzeko helburuarekin, Eguzki Irratian egokitzat jotzen ditugun neurriak hartuko ditugu, orain arte egin izan dugun bezala.

Horrela Nafarroako gizartea izanen da irabazlea, komunikabideen demokratizazioa, aniztasuna eta adierazpen askatasuna bermatuko baitira.