Nafarroako Gobernuak irrati komunitarioak baztertzen ditu oraindik ere.

Dakizuenez, Nafarroako Gobernuak urtarrilaren 8an hiru deialdiren berri eman zuen, irrati digital eta analogikoei baimenak emateko helburua dutenak. Horren harira, Eguzki Irratian balorazio hau egin nahi dugu:

1 Irrati analogikoei dagokienez, Iruñerako baimen bat eskaintzen da. Baimenhori 2017ko lehiaketa-deialdian eskaini zen, irabazi asmorik gabeko erakundeei zuzenduta. Eguzki Irratian pozez hartu genuen berri hori; izan ere, amaiera ematen zitzaion gurea bezalako irrati komunitario libreek hamarkadetan jasan izan dituzten bazterkeriari, ostrazismoari eta legez kanpo emititu beharrari.

2- Ondoren, Nafarroako Gobernuak bertan behera utzi zuen Iruñeko irrati komunitarioei baimenak emateko lehiaketa hori, Eusko Media SL erakunde pribatuak jarritako errekurtso bat baietsi ondoan. Hori etsigarritzat jo genuen, guztiz egingarria baitzen maiztasun hori irabazi gabeko irrati-etxeentzat eskaintzea. Hala ere, Nafarroako Gobernuak ez zuen horretarako borondate politikorik izan.

3 2019ko martxoan arrakastarik gabeko beste lehiaketa-deialdi bat izan zen, eta,horren ondotik, joan den urtarrilaren 8an, Nafarroako Gobernuak iragarri zuen Iruñeko irrati analogikoentzako baimena berriz ere lehiaketara aterako zuela, irrati komertzialentzat. Baina, gainera, berritasun gisa, beste deialdi bat egin zen, irrati digitalei hainbat baimen emateko. Hala ere, bi lehiaketetan guztira eskaintzen diren 81 baimenetatik, bakar bat ere ez da eskaintzen, berariaz, irrati komunitarioentzat. Horrek esan nahi du egungo gobernuak aurrekoek izandako bide berari jarraitzen diola,  ez baitio erantzunik ematen Eguzki Irratia bezalako irratiek berdintasunezko baldintza duinetan erregularizatuak izateko duten beharrari. Uste dugu hori egingarria dela guztiz, eta horri uko egiteak interes alderdikoiei erantzuten diela.

Ildo horretan, gogorarazi nahi dugu Europako herrialde gehienetan irrati komunitarioek hamarkadak daramatzatela emititzen irabazi asmorik gabeko erakundeentzako baimenei esker. Are, Espainian ere horrelako irrati batzuen emisioak erregularizatu izan dira. Bestalde, Nafarroan azken 40 urteetan hainbat eta hainbat baimen eskaini zaizkie lehiaketan irrati komertzialei, eta horietako bakar bat ere ez zaie eskaini gure sektoreko irratiei (hirugarren sektoreko irratiak).

Bestalde, berriz azpimarratu nahi dugu egingarria dela guztiz maiztasun hori irrati ez-komertzial bati zuzentzea, 2010eko Ikus-entzunezkoen Lege Orokorraren aurreko lehiaketa batetik berreskuratu baita baimen hori; badira horrelako aurrekariak, eta Espainiako Gobernuak ere, Diputatuen Kongresuko galde-erantzunetan, adierazi du ez dagoela inolako arazorik 2010. urtea baino lehen esleituriko maiztasun horiek irabazi asmorik gabeko zerbitzu komunitarioei emateko.

Laburbilduz, egungo Nafarroako Gobernuak ere ez dio irtenbiderik eman nahi izan aspaldiko diskriminazio arazo bati, zeinak adierazpen askatasunari eta komunikabideen aniztasunari kalte egiten baitie, nahiz eta legean onartzen den irrati komunitarioak badirela. Are, gure iritziz irrati digitalentzako lehiaketa-deialdia ke-laino bat besterik ez da; izan ere, teknologia hori ez da ezartzen ari, eta ez du inolako interesik ezta irrati-etxe handientzat ere.

Egoera horren aurrean, eta Nafarroan irrati komunitarioentzako baimenak lortzeko helburuarekin, Eguzki Irratian egokitzat jotzen ditugun neurriak hartuko ditugu, orain arte egin izan dugun bezala.

​​Azkenik, erabaki dugu lehiaketan parte hartuko dugula, ulertzen dugulako Iruñeko mugapean esleituriko maiztasun analogikoak irrati komunitarioentzat behar duela izan, 2017an eginiko lehiaketa-deialdian eskainitako gisan, eta iruditzen zaigulako bidezkoa dela Eguzki Irratiak egiten dituen emisioak erregularizatzea baimen baten bidez, 37 urte daramatzagu-eta Nafarroako irrati-sarean.


Gustatu bazaizu, banatu...