Hurrengo ekainaren 19an hasiko da Eguzki irrati librearen udako programazioa eta, ohi denez, gehien berotzen duen irratiak udaldian uhinez goxatzeko programazioa prestatu du.
Orohar, estilo eta eduki askotariko 19 saioz osaturiko sailkapen bat egonen da entzungai, horietariko 14 bertan ekoiztutakoak eta beste 4 Euskal Herriko irrati ezberdinak taldekatzen dituen Arrosa sarekoak. Astelehenetik ostiralera goizeko 9etatik arratsaldeko 3tara eta arratsaldeko 6etatik gaueko 11ak arte entzun ahalko dira.
Ongi dakizuenez, Eguzki irratiak FMko 107an emititzen du Iruñean, FMko 91an Iruñerrirako eta, era berean, www.eguzki.eus helbidearen bidez Interneten on line entzun daiteke. Bertan ere gure programazioa aurkitzen ahal duzue.
Bestalde, ikasturte honen balorazioa guztiz pozgarria da, saio guztiek gaurkotasunez informatzeko edota gure entzuleak bestelako eduki zein egiteko erak erabiliz entretenitzeko egindako lanagatik. Azpimarratzekoa izan da, era berean, kurtso honetan zehar egindako programazio bereziak: Gure irratiaren urteurrena ospatzearekin bat egiten dugun irrati maratoia , korrika 20ren bukaera Iruñean jarraitzeko egindako emankizun bereziak edo Alde Zaharreko egunekoa.
Alde negatiboan, berriz, finantzaketaren atala daukagu. Beti esaten dugun moduan, gure gainean dagoen Damoclesen ezpata, zeren eta haien kuotak ordainduz gure lanarekiko konfiantza izaten jarraitzen duten 420 eguzkide izateaz gain, eta hau gaur egun ere nahiko lorpena da, oraindik 500 izatetik urrun gaude, eta horrek gure proiektuaren etorkizuna baldintzatzen du. Hori dela eta, eguzkide egiteko deia luzatzen jarraitu behar dugu, www.eguzki.eus webgunean sartu eta inprimakia bete besterik ez da egin behar.
Gero ere, egitasmoak eskeintzen dituen hainbat alderditan parte hartzeko beste urrats bat ematera animatu nahi zaituztegu: lokuzioa, teknika, teknologia berriak edo soilik ideiak emanez, posta honetara zuen proosamenak bidaltzea bezain erraza da: eguzki@eguzki.eus
Bukatzeko, gogorarazi nahi dizuegu urrian zuzeneko emisioetara itzuliko garela, indarrak berreskuratuta. Ongi pasa oporretan eta festa hauetan, beti ere Eguzki irratiaren laguntzarekin.