Eguzki irratia frekuentziaren lehiaketara aurkeztuko da Iruñean.

Prentsaurrekoaren testua:

Dakigunez, iragan den astean Nafarroako Gobernuak iragarri zuen 3 irrati-lizentzia berri emateko lehiaketa, horietako bat Iruñean eta irabazi asmorik gabeko irrati komunitate-zerbitzuetarako zuzenduta. Beraz, prentsaurreko honen helburua lehiaketa honen balorazioa egitea da, hau, erabat berria delako, eta mugarri bat jartzen duelakoan gaudelako.

Lehenik eta behin azpimarratu nahi dugu irrati komunitario batentzako lizentzia ateratzea oso albiste ona dela, irrati libre edota komunitarioen ibilbide luzearen onarpen legala suposatzen duelako. Gogorarazi behar dugulako espainiar estatuan, aspaldidanik, bazterturik eta legez kanpo egotera behartuak izan direla; eta hori, berriz, Europar Batasunean ez da gertatzen, bertan irrati mota hauek, aspaldidanik ere, onartuak izan direlako eta frekuentziak eman/eskaini dietelako.

Zentzu horretan, gogoratu behar da 2010tik Ikus-entzunezko Komunikazioaren Lege Orokorrak ´irabazi asmorik gabeko irrati komunitarioen’ existentzia onartzen duela baina, halere, orain arte estatuak ez du horrelako lizentziarik eman (ezta eskaini ere) horrelako irrati ereduarentzat. Esan dezakegu, beraz, estatuak ez duela bete haien legaltasuna eta irrati libre edota komunitarioak baztertuak izan direla, beste irrati eredu batzuekin alderatuta.
Hau horrela izanda, gure partetik, eskerrak eman nahi dizkiogu Nafarroako Gobernuari, urrats hau emateko ausardia izan duelako, eta, hemendik ere animatu nahi dugu estatukoari legea bete dezala eskatzen jarraitzeko, eta irabazi asmorik gabeko irrati komunitarioentzako lizentzia gehiago eskaini ditzala, zeren eta aurrerapauso hau eman arren, oraindik ikus-entzunezko komunikazioaren lege orokorra nahiko urria da alde askotan eta hobetu daiteke.

Gure iritziz, Nafarroako administrazioak orain emandako urrats garrantzitsu hau, irrati libreen mugimenduak azken 40 urtetan egindako lanaren ondorioa da eta, mugimendu honetako lehen lerroan egon da beti, jakina, Eguzki irratia. Aspaldidanik aldarrikatzen ari gara irrati mota hauek daukaten existitzeko eskubidea, haien erregularizazioa eta, era berean, herritarren adierazpen askatasunerako eta informaziorako duten eskubidea ere. Eta ezin ahaztu gure jarduera honek suposatu dizkigun mota guztietako errepresaliak, besteak beste poliziaren eskuetatik pairatu ditugun itxierak, esaterako. Gure kasuan 4 aldiz itxi dizkigute irratia, gure existentzia gustatzen ez zitzaielako.

Lizentzia ez izatearen ondorioz, juridikoki babesik gabe utzi gaitu eta zentzu horretan adierazgarria da orain lehiaketa honetara atera duten frekuentzia FMko 105,6 dela, bere garaian guk erabili genuena eta handik kanporatuak izan ginen frekuentzia hori irrati komertzial bati emateko.

Gainera, gogoratu nahi dugu ikus-entzunezko komunikazioren lege orokorra indarrean sartu zenetik, Eguzki irratiak, Apice elkartearen bidez, irrati komunitario gisa aritzeko lizentzia bitan eskatu egin duela, eta, zentzu horretan, beraz, aitzindariak izan garela. Komunitate-zerbitzuetarako lizentzia hauek ez ziren eskaintzen baina guk bai eskatzen genituela, eta ondorioz galtzen genuen irrati pribatu eta komertziala gisa aritzeko lizentzia eskuratzeko aukera. Baina, guk ulertzen genuen horrela jokatu behar genuela, irrati komunitarioentzat lizentzia propioak aldarrikatu behar genituela eta hori zela gure irratiaren onarpen legala lortzeko bide zuzena, kontuan izanda, gainera, lanean daramatzagun urteak.

Horregatik, gaur hemen iragarri nahi dugu gure burua lehiaketa honetara aurkeztuko dugula, ilusio handiz eta gogotsu Iruñeko irabazi asmorik gabeko irrati komunitate-zerbitzuetarako lizentzia hori lortzeko asmoz.
Eta, bide batez, Nafarroako Gobernuari eskatu nahi diogu adi egoteko proiektu komunitario edota irrati libreekin zerikusirik ez duten bestelako proiektu kamuflatuak aurkeztu daitezkeelako, eta horrek, gure ustez, Nafarroako gizartearentzat iruzur handia suposatuko luke .

Azkenik, deia egin nahi diegu gure entzule, bazkide eta kolektibo sozialei gure ondoan egon daitezela, Eguzki
irratiaren etorkizunerako erabakigarria izan daitekeen une garrantzitsu honetan. Lan dezente daukagu aurretik eta honaino iritsi bagara haien bultzadari eta laguntzari esker izan da.

Eskerrik asko.